Erriberako merkatua, eguneroko esperientzia bikaina
Erriberako merkatuak bere izateari eutsi ahal izan dio zenbait mendetako historian. Eskaintzen dituen ohiko kalitatea, aniztasuna eta salgaien freskotasuna dira bertoko baliorik nagusiena. Zaporez eta tradizioz betetako sukaldaritza gustatzen bazaizu, gure landa-inguruneko zein itsasoko osagai guztiak aurkituko dituzu: Bizkaiko ortuetako barazkiak, portuetara iritsi berri diren arrainak, gure abeltzainek mimo handiz ekoiztutako haragiak... Lehen mailako kalitatea!
Etxeko ogia, benetako fruta, perretxikoak, ozpinetakoak, kontserbak ere baditugu... Eskaintza zabal-zabala, beraz!
Erriberak, gainera, udal-merkatu osatuenaren Guinness errekorra eskuratu zuen 1990ean, Europako elikagai-azoka estalirik handiena baitzen garai hartan.
Osorik eraberritu ondoren, eraikinak betiko “plaza” izaten jarraitzen du. Gaur egun, baina, auzotarrek, inguruko jatetxeetako chefek edo probintzia osoko sibaritek bizirik mantentzen dute haren topaleku-izaera, eta, turisten laguntzarekin, hiriaren esentziaz ohartzeko ezinbesteko bisita gisa errotu da.
Erriberako merkatuan erostea erakargarria da oso:
Salgaiak
Freskoak, askotarikoak, tokikoak eta sasoikoak. Eta hori guztia arrazoizko prezioetan… Zer gehiago eska daiteke?
Merkatariak
Tratu hurbila eta aditua, eguneroko erosketek zerbait positiboa ekar diezaguten beti: errezeta berri bat, prezio berdingabea, beste inon aurkituko ez dituzun produktuak…
Esperientzia
Gure postuak gozamena dira ikusmenerako, usaimenerako eta dastamenerako; eta erakusgai dauden salgaien artetik ibiltzea, zentzumenen festa handia.

Elikadura osasuntsu eta zaporetsu baten alde
Hurbildu Erriberako merkatura, Bilboko produktu freskorik onenak eta anitzenak eskuratzeko toki ezin hobea izaten jarraitzen du-eta. Gainera, eguneroko esperientzia goxo-goxoa eskaintzen dizugu: batetik, merkatu-plaza tradizionala, bertoko zaporeak zein usain gozoak; bestetik, gastronomiarekin eta aisiarekin loturiko eskaintza zabala. Inoiz ez da izan hain erraza ondo jatea.
Askotariko elikagai freskoez gain, gure merkatuan soilik aurkituko dituzun espezialitateak ditugu. Etorri eta ezagutu zuzen-zuzenean 40 postuen baino gehiagoen aniztasuna eta kalitatea: arrandegiak, harategiak, frutak, barazkiak, arrautzak, perretxikoak, artisau-okintza...
“Mokofinentzako moduko merkatu ondo hornitua”.
Emiliano Arriaga, XX. mendearen hasiera

Tokikoak duen balioa, bisitariek ikusi beharrekoa
Monumentu eta museoek hiria ezagutzen laguntzen digute, baina elikagai-merkatua bisitatzea baino hoberik ez dago Bilboko berezko izaera hurbiletik bizitzeko. Erriberan, egunero duzu sorpresatxoren bat: eskaintza bereziak, produktuak dastatzeko aukera, sukaldaritza-eskolak...

Astelehenetik larunbatera irekita
Astelehenetan: 08:00etatik 14:30era
Astelehenetik ostiralera (goizez eta arratsaldez): 08:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara
Larunbatetan: 08:00etatik 15:00etara

Prezio berdingabeak
Erriberan, kalitate-prezio erlazio ezin hobea eskaintzen dugu beti. Salgaiak gertu-gertu izango dituzu, merkatuko preziorik onenean.
