Gure historia
Denboran galtzen da erriberako merkatuaren jatorria. Baina badira hainbat mende gure artean dagoenetik, hiribilduaren bizimoduaren erdigunean beti. Merkatuak egindako ibilbidearen une garrantzitsuak birpasatuko ditugu oraingoan. Gurekin etorri nahi?
XIV. mendea
Plaza Nagusian ezartzen hasi zen merkatua, hiribilduaren erdigunean; San Anton elizak eta lehen udaletxea izandakoak inguratzen zuten, eta erriberako eta itsasadarreko etxeek ixten.
XIX. mendea
Mende horretan, egitura egonkor bihurtuz joan zen merkatua: postuak teilapean ipini ziren, eta arrainaren, esnearen eta haragiaren kalitatea kontrolatzeko zerbitzua ere ezarri zen. Mendearen amaieran, esparru modernista eraiki zen, burdinurtuan eta burdina forjatuan.
XX. Mendea
1929
1929ko abuztuaren 22an, egungo Erriberako merkatua inauguratu zen, Pedro Ispizua arkitektoak egindako proiektu arrazionalistari jarraituz. Hormigoi armatuzko eraikina zen; garairako oso modernoa, funtzionala eta monumentalista.
1971
Urte horretan Mercabilbao inauguratu zen, handizkakoei salgai freskoak banatzeko gunea. Ondorioz, Erriberako merkatuak jardueraren zati handi bat galdu zuen, eta Zazpi Kaleetako nahiz Bilbo Zaharreko bezeroentzako auzo-merkatu bihurtu zen.
1983
Abuztuan kalte larriak jasan zituen merkatuak, Bizkaiko hainbat herri hondatu zuten uholdeen eraginez. Merkatua berreraiki behar izan zenez, erabat eraberritzeko aprobetxatu zen. Nolabaiteko egituraz hornitu ziren postuak: hormak ipini ziren postuak elkarren artean bereizteko, eta ura eta elektrizitatea instalatu ziren.
1990
Udal-merkatu osatuenaren Guinness errekorra eskuratu zuen Erriberak, lehena baitzen merkatari eta postu kopuruari dagokionez, baita Europako merkatu estalirik handiena ere, 10.000 m²-rekin.
Pedro Ispizua Susanaga
ARKITEKTOA • Bermeo, 1895 - Bilbo, 1976
Erriberako merkatuaren arkitektoa izango zenak txikitatik dohain berezia zuen marrazketarako. Izan ere, 12 urterekin hasi zituen ikasketak Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan. Geroago, Arkitektura ikasi zuen Bartzelonan, non betiko maisu handitzat hartuko zuen Lluis Doménech i Montaner ezagutu zuen. Karrerako hirugarren urtean, Familia Sakratuaren obretan praktikak egin zituen Ispizuak, Gaudíren zuzendaritzapean.
1920an, Ricardo Bastidak –Doménechek hala gomendatuta–, Bilboko Udaleko Arkitektura sailaren arkitekto buru izatea proposatu zion Ispizuari. Kargu horretan jarraitu zuen 1937ra arte, gaur egun hiriko ikono bilakatu diren obrak diseinatzen. Halere, Espainiako Gerra Zibilak Ispizuaren ibilbidea hautsi egin zuen: hilabetez kartzelaratua izan zen eta udal-arkitektoko kargua uztera behartu zuten. Gerraostean, arlo pribatuan jardun zuen eta hainbat etxebizitza eraiki zituen Bilboko Zabalgunean, bai eta eraikin industrialak, antzokiak eta eraikin erlijiosoak ere. Arkitekto eklektikoa izan zen bere planteamenduei dagokienez, XX. mendearen lehen erdialdeko arkitekturaren aldaketa estetikoen isla.
Pedro Ispizua / Bilbo / Proiektuak
Areatzako kioskoa
1927
Bilboko Kirol Kluba
1930 (1967an erauzi zuten)
Luis Briñas Eskola Taldea
1933
Abiazio eta merkataritza
1944
Tigrearen eraikina
1947
San Felizisimo eliza
1959
XXI. Mendea
Gure merkatu historikoak bere izateari eusten dio, bilbotarren bizimodu berriei egokituz. Duela gutxiko eraberritzearen ondoren, bilbotarrak zein kanpotarrak berriz ere biltzen dira bertoko postu tradizional, gastrotaberna eta terrazetan.
2008
2008an merkatuaren egitura aztertu eta gabezia larriak aurkitu zirenez, eraikinaren zati handi bat berreraiki beharra zegoela ikusi zen. Eraberritze integralari esker, espazioak eta ekipamenduak erabat modernizatu ez ezik, zirga-bidea ere berreskuratu zen.
2012
2012an, Emilio Puertas arkitektoak izenpetutako proiektuaren obrak amaitu ondoren, egungo Erriberako merkatua inauguratu zen. Birmoldaketa sakona izan zuen, eraikinean esku hartzeaz gain, hiri-espazioaren gainean jardun baitzen: hainbat espazio libre utzi ziren eta itsasadarreko zirga-bidea errekuperatu zen.